XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zer dela eta egin zien 1929an Udaltzainburuak armen errebista Nekazarien Sindikatu batekoei? Zer esan nahi ote du horrek, ez bada lehenagoko herriko konpainia armatuen jarraipena?

Konpainia horiek, Arrigorriagaren kasuan ikusi dugun bezala, prozesio eta zenbait ekintza erlijiosotan ere parte hartzen zuten. Prozesio eta herrietako jaietan arma alarde asko ezagutzen dira oraindik ere Euskal Herrian; Bizkaian, adibidez, ezagunenak Elorrioko Errebonbilloak dira.

2.5. Eskutik heldutako mutil eta neskatilen arteko dantzak

Lehen ikusi dugu nola 1621eko bisitan emandako aginduan, Apezpikuak elizaren kontura danbolinteroari ez ordaintzeko ez eta San Juan aratxa landatzeko edo apaintzeko ere. Dantza munduarekin zerikusi handiagoa duten bestelako aginduak ere aurkitzen ditugu Arrigorriagako fabrika-liburuetako bisita aginduetan eta Basauriko parrokiak bisita horien laurden bat ordaintzen zuenez, hemen ere berdintsuak ziren, ziur asko.

Euretariko bi azpimarratuko ditugu. Lehenengoa, Fray Bernardo de Hontiberos Calahorra eta La Calzada-ko apezpikuak emana, aldaketa txikiren bat gorabehera Bizkaiko parrokia gehienetan agertzen dena. Agindu honetan gogor ekiten die herriko jaietan eskutik hartuta dantza egiten duten neskatila eta mutil gazteei, baita zenbait abaderi ere, halako dantzetan eta tabernetan sartzen zirelako.